Logo de la Diputación
 

San Justoko karobia

Zeanuri - Egoitza-arkitektura - Baserriak

San Justoko karobia Zeanuriko Otsemendi auzunean kokaturik dago, harizti zoragarri baten erdian, Justo eta Pastor santuen ohorez eraikitako baselizaren eta iturri baten ondoan. 1950etik geldirik egon da, baina 1996an berriztatzen eta berreskuratzen hasi zen Ipizki Taldea; horrela, egun, abuztuko lehenengo asteburuetan soilik jartzen da lanean. San Justokoa karobi frantses deritzon erakoa da, hau da, muna aprobetxatuz, maldan eraikita egotea du ezaugarri nagusi. Pixkanaka-pixkanaka estutzen doan zulo bat da, 4 metroko sakonera duena, goiko aldean 150 zentimetroko zabalera eta beheko aldean, berriz, 40ko zentimetroko zabalera dituelarik. Karea lortzeko, egur eta kareharriko aldizkako geruzez betetzen da karobia eta behealdetik pizten da. Ateratzen den karea beheko labe-ahotik jaurtitzen da, harria kiskaltzen den heinean.

 

Sarrera

Bilbotik N-240 errepidetik gatozela, Otsemendik auzo-errepidea, Zeanuriko hirigunearen sarreran eskuinaldean dagoena, hartu behar da. Hiru kilometro egindakoan, San Justoko baselizaren aurrean amaitzen da errepide hori. Baselizatik ehun metrora dago karobia.

Ordutegia

Kanpoko aldetik ikus daiteke.

Tokia

Otsemendi auzoan.

Informazioa

San Justoko karobia Zeanuriko Otsemendi auzunean kokaturik dago, harizti zoragarri baten erdian, Justo eta Pastor santuen ohorez eraikitako baselizaren eta iturri baten ondoan. Hariztipean, mahaiz eta erretegiz hornituta dagoen landa eder bat zabaltzen da.

1950etik bertan behera utzita eta hondatuta zegoen karobi hau, 1996an berriztatzen eta berreskuratzen hasi zen Ipizki Taldea, abuztuko lehenengo asteburuan lanean jartzeko, urte hartan eta toki berean azkeneko aldiz karea egin zuen Juan Aranaren zuzendaritzapean. Otsemendi auzuneko Goikuria eta Arana familiak, Kandido eta Felix Goikuria anaiak alde batetik eta Juan eta Julian Arana bestetik, izan ziren 1950ean hemen azkenekoz lan egin zutenak. Juan eta Felix labea zaintzeaz eta karea egiteaz arduratzen ziren bitartean, Julianek eta Kandidok, idi pare batez baliatuz, kareharria, eta egurra ekartzen zuten labe ondoraino. Soroetan ongarri moduan erabili ziren 2.000 kintal -100.000 kilo- kare ekoiztu zituzten guztira.

San Justokoa karobi frantses deritzenen erakoa da, hau da, muna aprobetxatuz, maldan eraikita egotea du ezaugarri nagusi. Pixkanaka-pixkanaka estutzen doan zulo bat da, 4 metroko sakonera duena, goiko aldean 150 zentimetroko zabalera eta beheko aldean, berriz, 40ko zentimetroko zabalera dituelarik.

Labeaz gain, kareharria eta erregaia, hau da, egurra dira karea ekoizteko beharrezko gertatzen diren bi elementuak.

Lehenengo eta behin erregai erabiltzen den egurraz betetzen da karobia, gainean kareharri geruza bat jarriz, horrela hutsarte guztiak estalita geratzen direlarik, eta dena prest dagoenean azpian dagoen “labe-ahotik” su ematen zaio. Harria erretzen eta kare bihurtzen doa. Kiskaltze-prozesua aurrera joan ahala, egur eta kareharri gehiago botatzen da karobira, eta aldi berean beheko aldeko labe-ahotik karea jaurtitzen du.

Lan honek hainbat lagunen beharra eskatzen zuen, horregatik auzolanean egiten zen sarri askotan, etxe batzuetako edota auzo guztiko bizilagunak elkartzen zirelarik zeregin honetan jarduteko.

Erabilerari dagokionez, jadanik Antzin Aroko zibilizazio askok ezagutzen zuten karegintza. Egiptiarrek, esate baterako, karea erabiltzen zuten gorpuak baltsamatzeko. Euskal Herriko erromatar garaiko eraikuntzetan badakigu kareorea erabili zena, esaterako K.O. I. mendekoa den Lodosako akueduktuan. Baina XVII. mendearen erditik aurrera batez ere, artoaren landaketaren hedapenarekin batera, karobiak Euskal Herri osoan zabaldu eta ugaritu ziren.

Gizarte tradizionalean karea zeregin askotarako erabiltzen zen. Eraikuntzan, lurraz eta uraz nahastua, etxe-paretak eta mota guztietako hormak eraikitzeko mortairua lortzen zen, eta uraz bakarrik nahastuz, baserrietako hormak zuritzeko “letxera”. Nekazaritzan, soroetako ongarri gisa eta koko edo harren kontra erabiltzen zen. Abeltzaintzan, korten desinfekziorako eta ganaduen apatxetako gaixotasunak sendatzeko. Aipagarria da arrautzak kontserbatzeko ere erabiltzen zutela, karea urarekin nahastuta lortzen zen orean arrautzak sartuta.

XX. mendea aurrera zihoan neurrian, alabaina, ongarri kimikoen eta porlanaren industria-ekoizpenarekin lehiatu ezinik, karobiak bertan behera uzten hasi ziren, mendearen erdi alderantz guztiz desagertu ziren arte.

1996. urteaz geroztik, urtero, abuztuko lehenengo asteburuan lanean jartzen du San Justoko karobia Ipizki Taldeak. Esan beharra dago, baita ere, 2002. urtean eman zaiela amaiera karobi honetako birgaitze-lanei Zeanuriko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babespean.
© Bizkaikoa, F.E.E.P. · Mª Díaz de Haro kalea, 11 · Email: bizkaikoa@bizkaia.eus ·