Bizkaikoa.bizkaia.eus helbideak cookie-ak erabiltzen ditu, bereak zein hirugarrenenak, zerbitzua hobetu eta nabigazio ohiturei buruzko informazio estatistikoa lortzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu haien erabilera onartzen duzula ondorioztatuko dugu. Informazio gehiago nahi izanez gero Cookie-en atala kontsulta ezazu.

Logo de la Diputación
 
BERDIN GEHIAGO

ZENBAIT JARDUERA ALDUNDIAREN MUSEOETAN MARTXOAREN 8AN EMAKUMEAREN NAZIOARTEKO EGUNA OSPA...

2018/03/06

Bizkaiko Foru Aldundiak zenbait jarduera antolatu ditu heldu den martxoaren 8rako Arrantzaleen Museoan, Arkeologi Museoan, Euskal Herria Museoan, La Encartada fabrika-museoan eta Santimamiñen Emakumearen Nazioarteko Eguna ospatze aldera. Jarduera horiek hil osoan zehar landuko dira, hots, goruketaren erakusketa, historiaren alorreko solasaldiak, ate irekiko jardunaldiak, bisitaldi antzeztuak, bisitaldi tematikoak, ibilbide bereziak betaurreko lilekin; horiexek dira, besteak beste, Bizkaiko Foru Aldundiaren museo horietan gauzatuko diren jarduera nagusiak.

Horrela, Bilboko Arkeologi Museoak “Museoa betaurreko lilekin” izeneko bisitaldi tematikoak programatu ditu. Ekimen horren bidez, museoko instalazioetan zehar ibiliko gara panel lilaz panel lila, objektu zehatz batzuen aurrean gelditu eta beroriek berriro interpretatu xedez. Hain zuzen ere, zenbait emakume aurkitu ahal izango ditugu andrazkoak normalean ibiltzen ez diren agertokietan: Europan sasoi batean nagusi ziren izotz-hormen artean ehiztari, inperioak eta erresumak gobernatzen edo merkataritza arloko enpresa baten negozioak eroaten. Jarduera hori marxoaren 6an hasi eta 11n bukatuko da.
Horrezaz gainera, hilaren 7an eta 9an, bisitaldi gidatuen ostean solasaldiak izango dira arratsaldeko bostetan. Jarduera horiek museoko hezitzaileek dinamizatuko dituzte, eta emakumeak historian zehar izan duen rola erakutsiko digute, objektu arkeologikoak genero-ikuspegitik berriro interpretatuz. Bisitaldiaren ostean, mahai-ingurua abiaraziko da, jarduera horretako partaideek hitz egin dezaten. Plaza-kopuru itxi bat dago eta izena aurretiaz eman behar da 94 404 09 90 telefono-zenbakira deituz edota arkeologimuseoa@bizkaia.eus helbide elektronikora mezua bidaliz.
Bermeoko Arrantzaleen Museoan, sarrera doakoa izango da neskatoentzat eta emakumeentzat martxoaren 8an, egun osoan. Martxoaren 23an, arratsaldeko zazpietan, “Berdintasuna Kirolean" izeneko hitzaldia izango da. Hitzaldi hori Bermeoko Udalaren Berdintasunerako Zerbitzuak antolatu du eta kiroleko berdintasunari dagokion gaia jorratuko dute. Argibide gehiago eskuratzeko, 946881171 telefono-zenbakira deitu dezakezu, edota arrantzaleenmuseoa@bizkaia.eus helbide elektronikora mezua bidali.
Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoan, martxoaren 7an, gorua nola erabiltzen den ikusteko aukera izango dugu, Meritxel Pino adituaren eskutik. Jarduera hori arratsaldeko seietan hasiko da, eta biharamunean neskatoek eta emakumeek ez dute museorako sarrera ordaindu beharko. Erakustaldi hori ikusteko nahitaez egin beharko da erreserba 946255451 telefono-zenbakira deituz edota euskalherriamuseoa@bizkaia.eus helbide elektronikora mezua bidaliz.
Balmasedako La Encartada fabrika-museoak martxoaren astegun guztietan eskaintzen du, eguerdiko 12:00etan, “Gizonezko lanak, emakumezko lanak" izeneko doako bisitaldi tematikoa, genero-ikuspegitik nabarmenkiro bideraturik dagoena. Bisitaldi gidatu berezia da, fabrikan gizonezkoek eta emakumezkoek egin izan duten lanaren xedeak eta baldintzak azaltzen dituena. Plaza-kopuru itxi bat dagoenez, izena aurretiaz eman behar da, nahitaez, 94 680 07 78 telefono-zenbakira deituz.
Amaitzeko, Santimamiñen (Kortezubi), martxoaren 10ean eta 11n bisitaldi gidatuak izango dira zentroari dagokion bisitaldi-ordutegiaren barruan. Bisitaldiok ordubete iraungo dute, eta horietan emakumeek historiaurreko gizarteetan izan zuten protagonismoari dagokion gaia landuko da. Plaza-kopuru itxi bat dagoenez, izena aurretiaz eman behar da, 94 465 16 57 telefono-zenbakira deituz edota santimamine@bizkaia.eus helbide elektronikora mezua bidaliz.
Informazio gehiago eskuratzeko, helbide honetara jo: www.bizkaikoa.bizkaia.eus
 
© Bizkaikoa, F.E.E.P. · Mª Díaz de Haro kalea, 11 · Email: bizkaikoa@bizkaia.eus ·