Logo de la Diputación
 

Bizkaiko 78 udalerritan 300 jarduera baino gehiago antolatuko dira urrian herritarrei on...

2017/09/16

Bizkaiko 78 udalerritan 300 jarduera baino gehiago antolatuko dira urrian herritarrei ondare kulturala hurbiltzeko

Aurten, Ondareari buruzko Europako Jardunaldien 17. edizioa antolatuko da Bizkaian, ondare kulturala hedatzeko programa, alegia. Gaur egun arte, programak ibilbide finkatua izan du lurraldean, eta gero eta tokiko eta eskualdeko eragile gehiagok hartzen dute parte urrian publikoari eskainiko zaizkion jarduerak antolatzen. Edizio honetako gaia Paisaia bizia da, eta lurraldearen ikuspuntutik jorratuko da ondarea, lurraldea baita faktore naturalek, ekonomikoek, sozialek eta kulturalek esku hartzen duten hainbat prozesu garatzen diren espazio fisikoa, eta horrek guztiak gaur egun kontenplatzen dugun paisaia sortzen du. Doan izango diren 276 ekintzetan zehar Bizkaiko paisaiaren ikuspegi ezberdinak erakutsiko dira, eta aukera paregabea izango da zenbait toki profesionalekin, interpreteekin eta boluntario aktiboekin batera bisitatzeko.

Lorea Bilbaok, Euskara eta Kultura diputatuak, Ondareari buruzko Europako Jardunaldien hamazazpigarren edizioa aurkeztu du Unesko Etxeko zuzendaria den Arantza Atxa eta jardunaldietako komisariekin batera, Amaia Apraiz eta Ainara Martinezekin alegia. Aurkezpenean aurten parte hartuko duten instituzio, erakunde eta elkarte publiko eta pribatuetako ordezkariak ere izan dira.

Diputatuak zera adierazi du "uste dogu Ondarearen Europako Bizkaiko Jardunaldien arrakastearen oinarria batasun tematiko hori eta kanpainetan era guztietako eragile kultural eta sozialek erakusten daben konpromisoa eta ahalegina dirala, eta ezaugarri horreengatik bihurtu dirala, ez bakarrik Bizkaian Europa mailan baino, eraginkortasunez jarduten dauan kudeaketaren erreferentzia. Horren adibiderik argiena Europako Kontseiluak berak proiektu honen ganean azaldu dauan interesa da."

Bizkaiko kanpaina arrakastatsua da nagusiki Aldundiak koordinatzen dituen eta kulturaren alorrean lan egiten duten tokiko eragile, udal, erakunde publiko eta pribatu, eta profesional eta kolektiboek geroz eta gehiago parte hartzen dutelako, inplikazio gehiagorekin baita ere. Edizio honetan 78 udalerrik parte hartuko dute, aurreko urtean baino hamar gehiagok, eta horietariko 68 udalak izango dira. Horiez gain, ehun erakunde, kolektibo eta elkartek baino gehiagok parte hartuko dute baita ere. Urrian zehar 300 jarduera baino gehiago gauzatuko dira, eta horien bitartez, herritarrek lurraldeko ondarea hurbiletik ezagutuko dute. Bizkaian programa anitza egongo da herritarren gozamenerako, askotarikoa eta dinamikoa, eta horri esker, herritarrek beraien ondarearekin konektatu ahal izango dute eta bere aberastasuna eta balio kulturalak esploratu ahal izango dituzte.

2018rako helburua: Ondare Kulturalaren Europako Urtea

Bizkaiak hurrengo urtean Europako Parlamentuak onetsitako Ondare Kulturalaren Europako Urtea ospatzeko ekimenekin bat egingo du. Horren bitartez Europako oinordetza kulturala sustatu nahi da eta historiaren eta balio komunen inguruan herritarrak sentsibilizatu nahi dira, eta horretarako, gure etorkizunerako ezinbesteko baliabidea ondarea izango da, hezkuntzari eta gizarteari dagokionez baliotsua baita, eta indar ekonomiko nabaria baitu.

Informazio gehiago:

PRENTSA OHARRA OEJ 2017 AURKEZPENA

www.bizkaikoa.bizkaia.eus/jep

www.facebook/ondareabizkaia

twitter:#ondareabizkaia2017

instagram: #ondareabizkaia

 
© Bizkaikoa, F.E.E.P. · Mª Díaz de Haro kalea, 11 · Email: bizkaikoa@bizkaia.eus ·