Logo de la Diputación
 
Atapuerca

ARKEOLOGI MUSEOA: ATAPUERCA 4 BURUHEZURRA

2017/05/18

Lorea Bilbaok Juan Luis Arsuaga Asturiasko Printzea saridunarekin inauguratu du Arkeologi Museoko Atapuerca: 4 Buru-hezurra

Bizkaiko Foru Aldundiaren Arkeologi Museoak urriaren 15era arte hartuko du erakusketa. Bertan, beste erlikia batzuen artean, ondokoak ezagutzeko aukera izango da: Atapuerca: 4 Buru-hezurra eta 5 Buru-hezurra izenekoa. Erakusketan 400.000 urteko antzinatasuna duten garezur fosilen beste erreplika batzuk ere ikusi ahal zango dira. Bestalde, Euskal Herrian aurkitu den giza hezurrik zaharrena, Lezetxikiko humeroa (Arrasate, Gipuzkoa). 164.000 urteko antzinatasuna duena. Erakusketa Arsuaga doktoreak, paleontologo prestigiotsua eta Atapuercako indusketen zuzendarikidea denak, diseinatu du. Erakusketa Burgosko Giza Eboluzioaren Museoak ekoitzi du.

Lorea Bilbao Euskara eta Kultura diputatuak harrera egin dio Juan Luis Arsuaga paleontologo prestigiotsuari Aldundiaren Arkeologi Museoan, bertan inauguratu baita "Atapuerca: 4 buru-hezurra" izeneko erakusketa.

Juan Luis Arsuagak, Asturiasko Printze saridunak eta Atapuercako indusketen zuzendarikideak, bisita gidatu bat egin du diputatuarekin batera eta erakusketaren xehetasunak azaldu ditu.

Erakusketa hau Burgosko Giza Eboluzioaren Museoak diseinatu eta ekoitzi du, Atapuercako arkeologi multzoko Hezurren Leizean aurkitutako garezurretako bat ezagutzera emateko helburuarekin. 4 Buru-hezurra da (Agamenon ere deitua), neandertalen aurrekoa eta 430.000 urteko antzinatasuna daukana. Buru-hezur horren ikerketa Giza Ebokuzioaren Historia ezagutzeko gakoa bihurtu da.

4 Buru-hezurra neurokranio edo garezur-ganga baten erreplika da, hau da, aurpegia falta zaion garezur batena. Antzinatasuna kontuan hartuta, garun tamaina handiko gizaki batena izan zen (1360 zentimetro kubiko). Garezurra zabala da eta ganga baxua dauka. Horrez gain, orbiten gaineko hezur-azpak (toru supraorbitarioa) sudurraren gaineko hezurrekin (eskualde interorbitarioa edo gabela) fusionatuta daude; inguru okzipital zuzen eta mehea dauka eta gainean azalera erdizirkular laua, hobi suprainiakoa izenekoa. Morfologia horrek neandertalen morfologia aurreirudikatzen du, denboran hurrengo espeziea izan zena. Azterlanei esker ondorioztatu da osasun-arazo asko zituela. Segur aski gorra zen eta buruko min biziak izaten zituen burua mugitzerakoan. Leize horretan aurkitu dituzten garezur honek eta baita 5 Buru-hezurrak traumatismo txikien ondoriozko orbainak ditu, duela 400.000 urte bizirautea zaila zela frogatzen dutenak. 5 Buru-hezurra egoera onean aurkitu zenez orain dela milaka urte Atapuercan hil zen gizakiaren irudia eta aurpegia berreraiki ahal izan da. Buru - hezur honi Miguelón izena jarri zioten Miguel Indurainen omenez.

Atapuercako mendilerroak (Burgos) aztarnategi arkeologiko ugari ditu, milioi bat urte baino gehiagoko erregistroa dokumentatzea ahalbidetzen dutenak. Aztarnategi horietako batean, Hezurren Leizea izenaz ezagutzen dena, bi sexuetako 28 gizabanako identifikatu dira: bat umea zen, hamahiru 10 eta 16 urte bitarteko adina zutenean hil ziren, zazpi 17 eta 18 urte inguru zituztenean, eta hiruk baino ez zituzten 35 urteak gainditu.

Erakusketa zabalik egongo da urriaren 15era arte.

INFORMAZIO GEHIAGO: bizkaia.eus / prentsa

 
© Bizkaikoa, F.E.E.P. · Mª Díaz de Haro kalea, 11 · Email: bizkaikoa@bizkaia.eus ·