Logo de la Diputación
 

MNE AURKEZPENA BIZKAIKO MUSEOAK

2017/05/15

Bizkaiko hogeita hamasei museotan jarduera ugari eta doako sarrerak eskainiko dira Museoen Nazioarteko Eguna ospatzeko

Lorea Bilbaok, Euskara eta Kulturako diputatuak, Museoen Nazioarteko Eguna, maiatzaren 18a, dela eta antolatutako programazioa aurkeztu du, Bizkaiko museoetako hogeita hamar arduradunekin batera. “Museoak eta istorio iskanbilatsuak: esan ezin dena museoetan esaten” lelopean ospatuko da eta 70 jarduera inguru garatuko dira Bizkaiko 22 udalerritako ekipamenduetan.

Museoen Nazioarteko Eguna

Bilboko Arte Ederretako Museoa izan da Museoen Nazioarteko Egunaren programazioa aurkezteko agertokia. Euskara eta Kultura diputatuak, Lorea Bilbaok, museoek gure lurraldean duten ezinbesteko papera nabarmendu du "benetan elementu garrantzitsuak dira Bizkaiarentzat: balioak sortzen dabez, eta jakintza, tradizinoa, modernitatea eta herri baten nortasuna transmitiduteko ezinbestekoak dira. Eta, jakina, ekonomia eta enplegu-sortzaileak be badira." Lorea Bilbaok gaineratu du "Honelako museoak, Arte Ederretakoa edo Guggenheim Museoa, erreferente kulturalak dira eta ekonomia sustatzen dabe. Baina museo txikiagoek egiten daben lana be aitatu gura neuke. Zalantza barik, gizarteari egiten deutsien ekarpena eta daukien balioa ezin dira modu kuantitatiboan kalkulau: kulturgintzaren zutabe ikaragarri garrantzitsua dira."

Gaur goizeko ekitaldiak Lorea Bilbao diputatua izan du buru eta Bizkaiko hogeita hamar bat museotako ordezkariak ere bertan izan dira. Gehienek museoetara sartzeko doako sarrerak eskainiko dituzte. Nazioarteko eguna ospatzeko jarduerak maiatzaren 18an eta asteburu horretan, maiatzaren 20an eta 21ean, garatuko dira. Ia lurralde osoan zehar zabalduko dira, Bizkaiko hogeita bi udalerritako ekipamenduetan ospatuko baita.

Bizkaiko Museoek askotariko jarduerak hartuko dituzte: bisita gidatuak, haurrentzako eta helduentzako tailerrak, hitzaldiak, aurkezpenak, katak, dastatzeak, abestutako bisitak, animaziodun bisitak, ibilbide gidatuak, erakustaldiak, ipuin-kontalariak eta arkeo-txotxongiloak. Biztanleek museoetara hurbildu eta 70 jarduera baino gehiagotan parte hartzeko aukera izango dute.

Museoen Nazioarteko Eguna orain dela 40 urte ospatzen hasi zen, museoek gizartearen garapenean daukaten paperaz sentsibilitatea pizteko asmoz. Museoen Nazioarteko Kontseiluak jasotako datuen arabera, iaz 145 herrialdetako 35.000 museo inguruk ospatu zuten egun hau jarduera bereziak antolatuz.

Aurtengo leloa honako hau da: "Museoak eta istorio iskanbilatsuak: esan ezin dena museoetan esaten". Horren bidez, herrialdeen artean harreman baketsuak sortzeko tresna gisa museoek daukaten papera nabarmendu nahi da.

Parte hartuko duten museoak

Aurtengo edizioan Bizkaiko 22 udalerritako hogeita hamasei museok egin dute bat ospakizunarekin: Arkeologi Museoa, Bilboko Arte Ederren Museoa, Bilboko Berreginen Museoa, Bilboko Itsasadarra Itsas Museoa, Eleiz Museoa, Euskal Museoa, Euskal Nazionalismoaren Museoa, Guggenheim Bilbao Museoa, Aste Santuko Pausoen Museoa, Bilboko Zezenketa Museoa, Euskararen Etxea, Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoa (Abanto-Zierbena), Txakolingunea (Bakio), La Encartada Fabrika-Museoa (Balmaseda), Balmasedako Pasio Bizidunaren Interpretazio Zentroa, Hiribilduko Historiaren Museoa (Balmaseda), Margarita María Berriztik Mundura Museoa, Arrantzaleen Museoa (Bermeo), Arte eta Historia Museoa (Durango), San Balentinen Museoa (Elorrio), Loizaga Dorrea. Ibilgailu Zahar eta Klasikoen Museoa (Galdames), Euskal Herria Museoa (Gernika-Lumo), Bizkaia Zubia (Getxo), Dolomitas Antzinako Lantegiaren Museoa (Karrantza), Santimamiñe (Kortezubi), Medikuntza Historiaren Euskal Museoa (Leioa), "Andrés de Urdaneta" Historia Naturalaren Museoa (Loiu), Hontza Museoa (Mañaria), El Pobaleko Burdinola (Muskiz), Orozkoko Museoa, Plasentia de Butrón Museoa (Plentzia), Rialia-Industriaren Museoa (Portugalete), Santurtzi Itsasoa Museoa, Agurtza Atunontzia (Santurtzi), Enkarterriko Museoa (Sopuerta) eta Simón Bolivar Museoa.

 
© Bizkaikoa, F.E.E.P. · Mª Díaz de Haro kalea, 11 · Email: bizkaikoa@bizkaia.eus ·