Logo de la Diputación
 

Santimamiñe koba

Milaka urteko paisaia

Aurreko mendeko hainbat urtetan, Santimamieko koba erreferentzia lekua izan da gure lurraldean. Hamarkada askotan, bizkaitarren ondoz ondoko belaunaldiak haitzulotik ibili eta bertako labar-pinturak eta labar-grabatuak ikusi ahal izan dituzte.

Egun, 100 urtetan bisitak izan ondoren, nahitaezkoa da koba garbitu eta zaintzeko lan sakona egitea, haitzuloa benetako altxor geologiko, artistiko eta arkeologikoa baita. Zati fisiko bat eta zati birtual bat duen aurkezpen berritu baten bidez, jendeak multzoa ingurumena errespetatuz eta modu arduratsu batean ezagutzeko eta horretaz gozatzeko aukera izango du.

Esteka interesgarriak

 

Datu orokorrak

Tarteak

  • Bisitaldi berria Santimami baselizaren ondoko kioskoan (Basondo, Kortezubi) hasiko da. Hortik bisitari-taldea kobaren sarreraraino igoko da, gidari batekin batera. Tarte horretan, bisitariak artadi kantauriarraren natur inguruneaz eta bertako landare eta animalien berezitasunez ohartuko dira.
  • Kobara iristean, orain dela urte batzuk aztarnategiaren inguruan berriro hasitako ikerketa-lanak egiaztatuko dituzte eta lan ondorioen berri emango zaie.
  • Ondoren, Santimami baselizara itzultzean, bisitariek hai-tzuloaren 3D erreplika birtual bikain baten bitartez, koban zehar ibili, haren eraketa eta morfologia ulertu eta, jakina, koba barruko historiaurreko artea miresteko aukera izango dute.

Arkeologi hondeaketa

Santimamiñeko koba Urdaibaiko arroaren ekialdeko ertzean kokatuta dago, Ereñozar mendiaren hegoaldean, hain zuzen ere, eta bertan ekosistema ugari (hala nola, artadi kantauriarra, landazabala eta estuarioa) dituen paisaia zabala da nagusi.

Kobaren sarrera egungo itsasoaren mailarekiko 150 metro inguruko altitudean eta hegoaldeari eta hego-ekialdeari begira dago. Sarreratik atartera igarotzeko modua dago, kanpoko argia bertara heltzen dela. Eremu honetan arkeologi elementu oso interesgarriak gordetzen dira; izan ere, Goi Paleolitikoaren hasieratik erromatar garairaino doan kultur sekuentzia ikus daiteke.

1918. eta 1962. urteen bitartean, batik bat, Telesforo Aranzadik, José Miguel de Barandiaránek eta E. Egurenek osatutako lan-taldeak egin zituen lehenengo arkeologi hondeaketak.

2004. urtetik gaur arte, jakintza-arlo anitzeko hogeitik gora adituk osatutako lan-taldea Santimamiñeko hondeaketetako beste fase batean lanean dabil, Bizkaiko Foru Aldundiak kobak balioa berriz hartzeko sustatu duen proiektuaren baitan. Egiten ari diren kobaren azterketa estratigrafikoaren helburu nagusia haren sekuentziaren bilakaera jakina zehaztea izan da, gaur egungo Historiaurrearen esparruan teknikak eta laginketa analitikoak aplikatzearen bitartez.

Horiek horrela, atartearen erdialderako, Erdi Madeleine alditik (orain dela 14.000 urte inguru) Kalkolitikoraino (orain dela 4.000 urte inguru) bitarteko giza okupazio mailak dituen 6 metroko potentziadun sekuentzia estratigrafikoa finkatu da.

Santimamiñeko paleolitiko garaiko artea

Gazte-talde batek 1916. urtean aurkitu zuen kobako labar-santutegia; urtebete beranduago, H. Breuilek multzoa egiaztatu zuen; Behe Madeleine aldiko kronologia esleitu zion eta irudi berriak aurkitu zituen ere bai.

Irudiak kobaren hiru eremutan banatuta ageri dira:

  • pinturen ganberaren aurreko gelan,
  • santutegian
  • eta pinturen gela berrian.

Guztira, ia berrogeita hamar irudi dira, ikatzez pintatuak edota grabatuak, eta Madeleine aldiaren erdiko urteetakoak omen dira, zehatz esateko, gutxi gorabehera, orain dela 14.500 eta 12.000 urte bitartekoak.
Honakoek osatzen dute Santimamiñeko multzo artistikoa:

  • hogeita hamabi bisontek,
  • zazpi ahuntzek,
  • sei zaldik,
  • hartz batek,
  • orein batek
  • eta bukatu gabeko beste irudi batzuek.

2008ko jardunaldiak

Proiektuaren muina eta azken ikerketak
2008ko apirilaren 2a eta 3a
Bizkaiko Foru Liburutegia
Diputazio kalea 7,Bilbo
HELBURUAK
  • Santimamiñe kobaren proiektu arkeologiko, didaktiko eta ingurumenekoa aurkeztea (zabalkundearen eremua).
  • Kobako lekukoa diziplina anitzetatik aztertu ondorengo emaitzak aurkeztea (zientziaren eremua).

Ordutegia

Bisiten ordutegia:
Apirilaren 15etik urriaren 14ra eta ostegun Santutik Paskua astelehenera. Astelehenetik igandera. 10:00, 11:00, 12:00, 13:00, 15:30, 16:30 eta 17:30.
Urriaren 15tik apirilaren 14ra. Asteartetik igandera. 10:00, 11:00, 12:00 eta 13:00.
Bisitaren iraupena, gutxi gorabehera:
ordu 1 eta erdi.
Informazioa eta erreserbak:
Bisita egiteko hitzordua eskatu behar da aldez aurretik, ondoren adierazten diren telefonoak edo helbide elektronikoa erabilita edo lekuan bertan, informazio bulegoan.
Ordutegia:
Apirilaren 15etik urriaren 14ra, eta ostegun Santutik Paskua astelehenera: 10:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 19:00etara.
Urriaren 15tik apirilaren 14ra: 10:00etatik 14:00etara.
Telefonoak:
94 465 16 57
94 465 16 60
Emaila:
santimamine@bizkaia.eus

Tokia

Kokalekua

Basondo auzoa, Kortezubi.

Nola heldu?

Gernika-Lumoko ingurabidean, Lekeitiorantz joko dugu, BI 635 errepidetik Barrutiako biribilguneraino.

BI 2238 errepidetik jarraitu eta Idokiliz auzoa igaro ondoren, eskuineko desbideratzea hartuko dugu BI 4244-tik, errepidea bukatu arte, Lezikako aparkalekuan.

Tarifak

Orokorra: 5,50 euro

Murriztuta: 3 euro. 26 urtetik beherakoak, 60 urtetik gorakoak, pertsona ezinduak, langabeak, pentsiodunak eta kide ugariko familia.

Doako sarrera: 12 urterarte, irakasle, arkeologo, gidari eta prentsa akreditatuak, Haitzuloaren eguna: osteguna, DIM: maiatzak 18, herriko jaia, Nagusi txartela, ICOM txartela.

Eskoletako taldeak: euro bat ikasleko.

Beste taldeak: 10 pertsona baino gehiago 1,5 euro pertsonako gehi 10 euro.
© Bizkaikoa, F.E.E.P. · Mª Díaz de Haro kalea, 11 · Email: bizkaikoa@bizkaia.eus ·