Bizkaikoa.bizkaia.eus helbideak cookie-ak erabiltzen ditu, bereak zein hirugarrenenak, zerbitzua hobetu eta nabigazio ohiturei buruzko informazio estatistikoa lortzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu haien erabilera onartzen duzula ondorioztatuko dugu. Informazio gehiago nahi izanez gero Cookie-en atala kontsulta ezazu.

Logo de la Diputación
 

logo de bizkaikoa

Gardentasuna. Informazio publikoa eskuragarri
OEJ 2018

Ondareari buruzko Europako jardunaldiak

2018: Ondarea, emakumeen emaria

Albisteak

Irudia

Valca, Kaduagaren uretan

2018/06/15

La Encartada Fabrika-Museoan ikusgai dago Javier González de Duranaren “VALCA. Kadaguaren uretan. Historia de una fábrica de película” erakusketa

Erakusketak VALCA enpresa arrakastatsuaren historia jasotzen du; sortu zenetik, bideragarritasun proiektu eta azterketekin, fabrika itxi zen garaira arte eta gaur egungo egoerara arte. Erakusketa irailaren 16ra arte egongo da ikusgai.

 

Lorea Bilbao Euskara eta Kulturako diputatuak erakusketa bisitatuko du ekainaren 14an 18:00tan Javier González de Durana komisarioarekin batera.

 

Era berean, uztailaren 14an eta irailaren 15ean, eguerdiko 12:00etan, bisita gidatuak egingo dira erakusketara, Javier González de Duranaren eskutik. Bisita horietan parte hartzeko, izena eman behar da aldez aurretik museoko telefonora deituz (946800778) edo museoko helbide elektronikora (laencartada@bizkaia.eus) mezu bat bidaliz.

 

Bilbo, 2018ko ekainaren 14a. Bizkaiko Foru Aldundiaren La Encartada Fabrika-Museoak Javier González de Durana komisarioa duen erakusketa eskainiko du. Erakusketak, mundu guztian ezaguna den (argazki- zein erradiografia-materialaren kalitatezko industria kimikoa delako) Valca fabrikaren goraldira eta geroko itxiera garaira eramango du bisitaria.

 

Erakusketak VALCA enpresaren oroigarri nostalgiko bat izan nahi du eta, horretarako, fabrikaren garai ezberdinekin loturiko objektuak, liburuak, kartelak, dokumentuak, planoak, argazkiak eta abar aurkeztuko ditu. Bestalde, fabrika horrek Espainia aldakor baten testuinguruan suposatu zuenaren inguruko ideia txiki bat eskainiko du: diktadura-autarkia 1940ko eta 1950eko hamarkadetan, irekiera-garapena 1960ko eta 1970eko hamarkadetan, eta demokrazia-nazioartekotasuna 1980ko hamarkadan.

 

1992ko urtarrilaren 22an Produktu fotografikoen VALCA sozietate espainiarraren “ordainketen etetea eta kaudimengabezia” aurkeztu zen Bilboko epaitegietan. Urtebete beranduago, Sopeñano de Menan zituen instalazioak itxi (behin betiko) eta likidatu zituen. Beraz, mende laurdena igaro da berrogeita hamar urte baino gehiagoko industria-jarduera berezi eta indartsu bati amaiera eman zion gertakari hartatik. Mena Haraneko, Merindadeetako eta Enkarterrietako bizilagunen hainbat belaunaldik aurkitu zuten lana VALCAn eta, hala, ordura arteko landa-inguruneak eskaintzen zuenarekin alderatuta, bizimodu ezberdin bat ere bilatu zuten bertan. Hainbat hilabetez fabrika hondotik ateratzeko egindako saiakeren ostean, 1993ko ekainaren 30ean, Akziodunen Batzarrak enpresa desegitea erabaki zuen.

 

Enpresa-ideia 1938an sortu zen, gerra zibila oraindik amaitu gabe zegoela; baina Euskadi, eta, zehazki, Enkarterriak eta Menako Harana frankisten kontrolpean zeuden. Bultzatzaileek proposatu zituzten helburuen artean, ekintza militarrei arreta ematea zen xede nagusia. Bultzatzaile horiek, urte luzetan industria-enpresariak izandakoek, gerra irabaziko zuen bandoan borrokatu zuten eta, geroago ezarri zen erregimenean, horietako batzuek postu politiko garrantzitsuak eskuratu zituzten, esate baterako, José Luis Oriol Urígüen, José Leandro Torróntegui Ibarra, Isidoro Delclaux Aróstegui, Mateo Olaso Andéchaga eta José Maria Basterra Basualdok.

 

Enpresa, legalki, 1940an eratu zen, lehenengo pabiloia 1942 eta 1944 urteen bitartean eraiki zen eta bigarren pabiloia eta etxe-egoitza 1945ean eraiki ziren. Rafael J. Basterrechea arkitektoak diseinatu zuen hori guztia. Harrezkero, VALCAk hazkunde fisiko, tekniko eta produktibo azeleratu bat bizi izan zuen. Horren ondorioz, posizio pribilegiatu bat eskuratu zuen argazki- eta erradiografia-merkataritzan (estatu mailan eta nazioartean). Gorakada handiena eta onura ekonomiko handienak 1985ean lortu zituen.

 

1986tik aurrera, Espainia Europako Merkatu Komunean sartzearen ondorioz, enpresak beherakada garrantzitsu bat bizi izan zuen, ez baitzuen lortu egoera berrira egokitzea. Baina ez zen hori izan arrazoi bakarra; beste kausa batzuek ere enpresaren krisia larriagotu baitzuten: enpresa multinazionalen lehiakortasun handia, ez-ordaintze altuak atzerrian, teknologia-urritasuna, autofinantzaketa urria eta abar. Horrek guztiak galera ekonomiko itzelak eragin zituen eta, porrotaren ondorioz, sei urteren buruan enpresa itxi zen.

 

González Duranak VALCAk ekoitzitako hainbat material bildu ditu: karreteak eta argazki-paperak, katalogoak, memoriak, kontratuak, kartelak, publizitate-olanak, garai hartako prentsa-oharrak eta abar.

 

Gainera, erakusketan, bisitariek fabrikaren gaur egungo egoera ikusi ahal izango dute, hiru argazkilariren ikuspegitik: Iñaki Izquierdo Muxika, Alfonso Batalla eta Rafa Paz.

© Bizkaikoa, F.E.E.P. · Mª Díaz de Haro kalea, 11 · Email: bizkaikoa@bizkaia.eus ·