Logo de la Diputación
 

logo de bizkaikoa

Gardentasuna. Informazio publikoa eskuragarri

Albisteak

Rodet

ROBERTO RODET ERAKUSKETAREN INAUGURAZIOA ONDARE ARETOAN

2018/01/13

Roberto Rodet Villa pintorearen obra Bizkaiko Foru Aldundiaren Ondare aretoan erakusgai izango da

 

Erakusketaren lehen egunean, urtarrilaren 16an, 19:00etan, Lorea Bilbao Euskara eta Kulturako foru diputatuak inaugurazio ekitaldian parte hartuko du eta Pilar Mur-ek Artearen Historian doktorea denak Rodet Villa-ren lanak azalduko ditu. Balmasedako La Encartada Lantegi-museoarekin batera egindako erakusketak urtarrilaren 16an irekiko ditu ateak, eta apirilaren 7ra arte egongo da ikusgai.

 

Balmasedako Roberto Rodet Villa pintorearen obra Bizkaiko Foru Aldundiaren Ondare Aretoan erakutsiko da urtarrilaren 16tik apirilaren 7ra bitartean. Asteartean, urtarrilak 16, Lorea Bilbaok, Euskara eta Kulturako foru diputatuak erakusketa inauguratuko du eta Pilar Mur-ek, Artearen Historiaren doktorea denak, Rodet Villaren obra azalduko du, bertan izango dira artistaren senideak ere bai.

 

Erakusketaren bidez gerraosteko euskal artisten belaunaldiko pintore horren obraren berreskuratze historikoa egin nahi da. Balmasedako La Encartada Lantegi-museoarekin batera prestatu da erakusketa, Ondarearen Europako 2017ko Jardunaldien barruan artistaren paisaiak erakutsi baitziren bertan.

 

Orain, Bilbon, erakusketa handitu da; bertaratzen direnek artistaren lan guztiak ikusi ahal izango dituzte, baita haren "Mahai-zapi zuria" (1949) izeneko lan ezaguna ere (Bilboko Arte Ederren Museoaren bildumakoa).

 

ROBERTO RODET VILLA (Balmaseda, 1915-1989) sortzaile moldakorra, interes anitzekoa eta kultura handikoa izan zen. Pintorea izan zen baina poesia ere idatzi zuen, eta artea zaharberritzen ere ibili zen. Balmasedako Pasio Bizidunean zuzendari artistikoa izan zen; bultzada erabakigarria eman zion. Horrez gain, arrakasta handia izan zuen zuzendari artistiko eta eszenografo lanetan, eta zinema zuzendari izateko lehian ibili zen. Urte batzuetan modu aktiboan parte hartu zuen gaur egungo Bilboko Arte Ederren Museoaren antolaketan, eta museoko funtsak katalogatzen hasi zen.

 

Erakusketan pintorearen lan, pintura eta marrazki guztiak izango dira, berrogeigarren hamarkada erditik laurogeigarren hamarkada erdira arteko guztiak. Gaika sailkatu dira, gainera, Rodetek hartu zituen genero artistiko guztien arabera multzokatuta.

 

Erakusketaren hasieran erretratuak eta irudiekin egindako konposizioak egongo dira; gero, aldi desberdinetako natura hilak, eta Enkarterriko paisaiak. Azken aretoan marrazki eta bozetoen bilduma ikusiko da, estanpen kabinete modura aurkeztuta, ezin hobeto erakusten dutenak artistaren sortze-prozesua; eta estudio batzuk eta muraletarako proiektuak ere izango dira bertan.

 

Rodet Villaren obran bere aldiarekin batera joan den garapena antzeman daiteke. Artistak izaera geldiezina izan zuen eta beti zebilen hobetzen lagunduko zioten erronka berrien bila. Inpresionismo osteko postulatuak oinarritzat hartuta eta Cézanne eta Gauguin erreferenteak izanik, Aurelio Artetaren klasizismoak ere erakarri zuen.

 

Artistaren esperimentazio plastikoak abstrakzioaren bidera eraman zuen, sinplifikazio formalerantz, eta hori batez ere bere paisaietan nabari da. Marrazkigintzan zehatza zen eta sentsibilitate izugarria zuen kolorean. Artistaren pinturetako ezaugarri nagusiak aldamio-konposizio zaindua eta tonu samurra dira; haren ekoizpen artistiko osoan ikus daiteke azken ezaugarri hori, erretratuetan eta natura hiletan, muraletan eta paisaietan.

 

Inaugurazio eguna, urtarrilaren 16a, 19:00etan, Ondare aretoan.

 

Egun horretan Pilar Murrek RODET VILLAren obra aurkeztuko du, eta bertan izango dira artistaren alabak.

 

Erakusketaren lehen eguna izango denez, Artearen Historian doktorea den eta euskal artean aditua den eta arte hori ondo ezagutzen duen PILAR MURrek Rodet Villaren lanak aurkeztuko ditu. Aretora doazen pertsonek hurbiletik ezagutu ahal izango dituzte artista horren pinturaren ezaugarri nagusiak.

 

Ondare aretoa Bilboko María Díaz de Haro kalean dago, 11. zenbakian. Irekita egongo da astelehenetik larunbatera, 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara; igandeetan itxita egongo da. Harremanetarako telefono zenbakia: 94 406 77 37.

 
© Bizkaikoa, F.E.E.P. · Mª Díaz de Haro kalea, 11 · Email: bizkaikoa@bizkaia.eus ·